XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Thomson bi epetan pribatizatuko du azkenean Frantziako Gobernuak

Multimedia atala Daewook erostea posible da oraindik

Agentziak / Paris

FRANTZIAKO Gobernuak iragarri du bi zatitan pribatizatuko duela Thomson defentsa eta elektronika enpresa publiko erraldoia.

Asteazken gauean zabaldutako agirian, Gobernuak jakinarazi zuen 1997. urtearen hasieran Thomson-CSF salduko duela, armamentuaren produkzioari dagokion adarra hain zuzen ere.

Geroago pribatizatuko du telebistak, bideoak eta antzeko aparailu elektronikoak egiten dituen Thomson Multimedia (TMM).

Hasiera batean Gobernuaren asmoa zen enpresa oso-osorik saltzea Matra-Lagardere taldeari, honek, ondoren, Thomson TMM Koreako Daewoo konpainiaren esku utz zezan.

Matra-Lagarderek libera sinboliko bat soilik ordaindu behar zuen talde osoaren truke, baina operazio honek huts egin zuen joan den astean, Pribatizazioen Batzordeak ez zuelako gustuko TMM Daewooren esku geratzea.

Thomson TMMko langileek ere ez zuten begi onez ikusten Daewooren menpe geratzea, nahiz eta korearrek hitzeman zuten bost miliar libera (125.000 milioi pezeta) inbertituko zituztela bost urteko epean eta horren ondorioz 5.000 lanpostu sortuko zirela.

Operazioak porrot egiteak eskandalizatuta utzi du Soon Hoon Bae Daewooko presidentea, baina oraindik Thomson TMM erosteko aukera gordetzen du Hego Koreako enpresak, atzo Jean Arthuis Ekonomia ministroak argi utzi nahi izan zuenez.

Ez dugu ezer Koreako enpresen aurka, esan zuen.

Talde osoa erosteko aurretik eskaintza egin zuen Alcatel Alsthomek CSFrengatik beste eskaintza bat egingo du.

Estatuak CSFren zati bat kontrolatuko du

Ekonomia Ministerioak pribatizazioaren baldintzak zabaldu aurretik, Gobernuak Estatu Kontseilua kontsultatuko du.

Jakin ahal izan da, ordea, Frantziako Estatuak urrezko akzioa izenekoarekin geratuko dela Thomson CSF enpresan, talde pribatizatu berrian Frantziaren defentsarako interesak gorde ahal izateko.

Frantziako Estatuak, Thomson SA enpresaren bitartez, Thomson TMMko akzio guztiak eta Thomson CSFko akzioen % 58 ditu.

Pribatizatu aurretik, Ekonomia Ministerioak iragarri du Thomson taldea kapitalizatuko duela bere barne finantzak saneatzeko.

Thomson SA 92.000 langileko enpresa erraldoia da gaur egun.